Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Tobit 5:6-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Eta hark:—Bai, sarritan izana naiz bertan eta oso ongi dakizkit harako bide guztiak. Maiz joan izan naiz Mediara eta hango Rage hirian bizi den gure herritar Gabaelen etxean egona naiz ostatuz. Bi eguneko bidea dago Ekbatanatik Ragera, biak mendian baitaude.

7. Tobiasek esan zion:—Itxaron, gazte, aitari esatera noa eta. Lagundu egin behar didazu hara joaten. Emango dizut ordaina.

8. Eta hark:—Ongi da. Itxarongo dizut, baina ez luzatu.

9. Tobias bere aita Tobiti adieraztera joan zen eta esan zion:—Begira, aurkitu dut bat; gure herritarra da, israeldarra.Tobitek, orduan:—Dei egiozu; zein senitarte eta leinutakoa den eta zuri lagun egiteko konfiantzazkoa den jakin behar dut, seme.

10. Atera eta dei egin zion Tobiasek:—Gazte, gure aitak dei egiten dizu.Aingerua etxean sartzean, Tobitek agurtu zuen lehenbizi. Hark erantzun zion:—Zorion ugari opa dizut!Tobitek ihardetsi:—Zer zorion izan dezaket? Itsutua nago, ez dut egun-argirik ikusten. Hemen nago ni ilunpetan, argirik ikusten ez duten hildakoen antzera. Bizi naizelarik, hildakoen artean bezala nago. Jendearen ahotsa entzuten dut, baina ez dut ezer ikusten.Hark esan zion:—Izan adore, Jainkoak laster sendatuko zaitu eta! Izan adore!Tobitek, orduan:—Nire seme Tobiasek Mediara joan nahi du. Lagunduko al zenioke eta gidatu? Emanen dizut ordaina, ene anaia.Hark erantzun zion:—Bai, laguntzeko eran nago; badakizkit bide guztiak. Maiz izana naiz Median eta ibilia hango lautada eta mendietan. Badakizkit bide guztiak.

11. Tobitek galdetu zion:—Ene anaia, zein senitarte eta leinutakoa zaitugu? Esadazu.