Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Tobit 4:9-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Horrela, beharraldian altxor ederra izanen duzu,

10. heriotzatik libratzen baitu limosnak eta ilunpetara joatea eragozten;

11. izan ere, limosna ematen dutenek eskaintza bikaina egiten diote Goi-goikoari.

12. «Ene seme, ez egin legez kontrako ezkontzarik, baizik eta, oroz gain, zure arbasoen herrikoa izan dadila zure emaztea. Ez ezkondu zure aitaren leinukoa ez den emakume arrotzarekin, profeten ondorengoak baikara gu. Oroit zaitez, ene seme, antzinako gure arbaso Noe, Abraham, Isaak eta Jakobek beren senitarteetan aurkitu zutela emaztea eta Jainkoak bedeinkatu egin zituela seme-alabak emanez, eta haien ondorengoek hartuko dutela lurra ondare.

13. Ene seme, maita itzazu zeure herritarrak; harrokeriagatik ez uste izan zeure herritarrak —zeure herriko seme-alabak— baino handiago zarenik eta ez izan gutxitzat emaztea horien artetik hartzea. Harrokeriak hondamendia eta urduritasuna baizik ez dakar, eta nagikeriak porrota eta behar gorria, nagikeria gosearen ama baita.

14. «Ez atzeratu biharamuna arte langileari saria ordaintzea; ordaindu berehala, Jainkoak ere emango baitizu ordaina berari zerbitzu egitean.«Ene seme, ibili kontuz zeure egintza guztietan, eta jokaeran ager ezazu ongi hezia zarela.

15. Ez egin inori zeuretzat nahi ez duzunik. Ez edan ardoa mozkortzeraino eta ez ibili hor zehar mozkorturik.

16. Eman zeure ogia gose denari eta zeure janzkiak biluzik daudenei. Sobera duzuna eman limosnatan eta ez jarri aurpegi txarrik limosna ematerakoan.

17. Eskaini ogia zintzoen heriotzagatik negarrez ari direnei, baina ez eman bekatariengatik ari direnei.

18. «Eskatu aholkua jende zuhurrari eta ez mespretxatu aholku onuragarria.