Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Tobit 12:9-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Limosnak heriotzatik gorde eta bekatu ororen barkamena ematen du. Limosna ematen dutenek bizitza luzea izanen dute.

10. Bekatariak eta zuzengabeak beren buruaren etsai dira.

11. Eta orain egia osoa esan nahi dizuet deus ere gorde gabe. Esan dizuet, erregearen isilpekoak gorde behar badira ere, Jainkoaren egintzak aldarrikatu egin behar direla, merezi duen bezala.

12. Hara! Sarak eta zuk otoitz egin zenutenean, nik aurkeztu nuen zuen otoitzaren oroigarria aintzaz beteriko Jaunaren aitzinean; eta gauza bera, hilei zuk lur ematen zenienean.

13. Zu, zalantzarik izan gabe, afaria utzi eta hildakoari lur ematera jaiki zinenean, Jainkoak zu probatzera bidali ninduen.

14. Orain, ordea, zu eta Sara, zure erraina, sendatzera bidali nau.

15. Ni Rafael nauzue, aintzaz beteriko Jaunaren aurrean, beraren zerbitzura dauden zazpi aingeruetako bat.

16. Larritu egin ziren biak eta ahuspeztu, beldurrez beterik.

17. Baina Rafaelek esan zien: «Ez beldurtu! Bakea zuekin! Goretsi Jainkoa beti!

18. Ni zuekin nintzenean, ez nintzen neure kabuz ari, Jainkoaren borondatez baizik. Goretsi bera egunero eta kanta berari.

19. Jaten ikusten ninduzuenean, ez nintzen jaten ari; itxura hutsa zen.

20. Goretsi, bada, Jauna lur honetan, ospa ezazue Jainkoa. Orain, bidali ninduenagana noa. Idatz ezazue gertatu zaizuen guztia».Eta igo egin zen aingerua;