Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Tobit 12:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Eztei-jaiak bukatzean, Tobitek bere seme Tobiasi deitu eta esan zion:—Seme, ordaindu saria zeure bidelagunari eta emaiozu zerbait gehiago ere.

2. Tobiasek galdetu zuen:—Zenbat emango diot, aita? Ekarri ditugun ondasunen erdia emanda ere ez naiz galduan aterako.

3. Onik gidatu nau, nire emaztea sendatu du, dirua ekartzen lagundu dit eta zu ere sendatu zaitu. Nola ordaindu hori guztia?

4. Tobitek erantzun zuen:—Seme, bidezko zaio ekarritako guztiaren erdia hartzea.

5. Orduan, Tobiasek bere bidelagunari dei egin eta esan zion:—Hartu saritzat ekarritako guztiaren erdia eta zoaz bakean.

6. Rafaelek, ordea, biak aparte hartu eta esan zien:—Goretsi Jainkoa eta aitortu denen aurrean zenbat on egin dizuen. Goretsi Jauna eta kanta beraren izenari. Jakinarazi gizon-emakume guztiei Jainkoaren egintzak, merezi duen bezala. Ez izan geldoak Jauna ospatzeko.

7. On da erregearen isilpekoa gordetzea; Jainkoaren egintzak, ordea, aldarrikatu eta aitortu egin behar dira, merezi duen bezala. Egizue on dena eta ez zaizue gaitzik etorriko.

8. Ona da zintzo egindako otoitza, eta hobea eskuzabal egindako limosna zuzengabe iritsitako aberastasuna baino.

9. Limosnak heriotzatik gorde eta bekatu ororen barkamena ematen du. Limosna ematen dutenek bizitza luzea izanen dute.

10. Bekatariak eta zuzengabeak beren buruaren etsai dira.

11. Eta orain egia osoa esan nahi dizuet deus ere gorde gabe. Esan dizuet, erregearen isilpekoak gorde behar badira ere, Jainkoaren egintzak aldarrikatu egin behar direla, merezi duen bezala.

12. Hara! Sarak eta zuk otoitz egin zenutenean, nik aurkeztu nuen zuen otoitzaren oroigarria aintzaz beteriko Jaunaren aitzinean; eta gauza bera, hilei zuk lur ematen zenienean.

13. Zu, zalantzarik izan gabe, afaria utzi eta hildakoari lur ematera jaiki zinenean, Jainkoak zu probatzera bidali ninduen.

14. Orain, ordea, zu eta Sara, zure erraina, sendatzera bidali nau.

15. Ni Rafael nauzue, aintzaz beteriko Jaunaren aurrean, beraren zerbitzura dauden zazpi aingeruetako bat.