Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Nehemias 8:13-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Hurrengo egunean, herri osoko familiaburuak, apaizak eta lebitarrak Esdras lege-maisuaren ondora bildu ziren legeak irakasten duena hobeki aztertzeko.

14. Eta Jaunak Moisesen bidez eman zuen legean agindu hau aurkitu zuten: israeldarrek etxoletan bizi behar zutela zazpigarren hileko jaietan,

15. eta Jerusalemen eta beste hiri guztietan hauxe iragarri behar zutela: «Atera mendira eta ekarri handik olibondo, pinu, mirto, palmondo eta orridun zuhaitzen adarrak, etxolak egiteko».

16. Orduan, adarrak ekartzera joan eta etxolak egin zituen herriak: batak bere etxe gainean, besteak Jainkoaren etxeko atarietan nahiz Ur-ateko plazan nahiz Efraimen ateko plazan.

17. Erbestetik etorritako guztiek egin zituzten etxolak eta horietan jarri ziren bizitzen. Nunen seme Josueren garaietatik ez zuten halako jairik egin israeldarrek! Hango poza guztiena!

18. Lehenbiziko egunetik azkenekora, egunero irakurri zen Jainkoaren lege-liburua. Zazpi egun iraun zuten jaiek, eta zortzigarrenean batzar nagusiaz amaitu ziren, erabakia zegoenez.