Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Irteera 32:3-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Kendu zituzten herritar guztiek urrezko belarritakoak eta Aaroni eraman zizkioten.

4. Honek jaso, urrea urtu eta, zizelez landuz, zekor-irudia moldeatu zuen. Orduan, israeldarrek esan zuten:—Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!

5. Hori ikusirik, aldarea eraiki zuen Aaronek zekor-irudiaren aurrean, eta honela egin zuen oihu:—Bihar jai eginen dugu Jaunaren ohorez.

6. Biharamunean, goizean goiz jaiki eta erre-opariak eskaini zituzten eta elkartasun-opariak aurkeztu. Gero, otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zioten.

7. Jaunak esan zion Moisesi: «Jaitsi zaitez, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu.

8. Laster asko okertu dira agindu nien bidetik. Zekor-irudia egin dute, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskaini dizkiote, esanez: “Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!”»

9. Jaunak esan zion, gainera: «Ikusia dut zeinen burugogorra den herri hau!

10. Uztazu, bada: nire haserre-suminez garbitu egingo ditut, eta zuregandik herri handi bat sorraraziko».

11. Orduan, Moisesek, bere Jainko Jaunaren sumina baretu nahiz, esan zion: «Jauna, nola jarriko zara, bada, haserre-sutan, hain ahalmen handiz Egiptotik atera duzun zeure herri honen aurka?