Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Irteera 32:17-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Herriaren oihuak entzutean, Josuek esan zion Moisesi:—Entzun, guda-oihuak kanpalekuan!

18. Moisesek erantzun zion:—Ez dira garaileen oihuak, ezta garaituenak ere; festa-oihuak dira entzuten ditudanak.

19. Kanpalekura hurbildu ahala zekorra eta dantzak ikusi zituenean, haserre-sutan jarri zen Moises, eta harlauzak, eskuetatik jaurtiz, mendi barrenaren kontra puskatu zituen.

20. Zekorra hartu, sutara bota eta xehe-xehe egiteraino erraustu zuen; gero, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanarazi zien.

21. Eta Aaroni galdegin zion:—Zer egin dizu herri honek? Nola eginarazi diozu halako bekatu larria?

22. Aaronek erantzun zion:—Ene jauna, ez zaitez sumindu. Ongi dakizu herri hau okerrera emana dela.

23. Zera esan didate: «Egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri».

24. Orduan, nik esan diet: «Ba al du inork urrerik?» Haiek urrea bildu eta ekarri egin didate; nik sutara bota eta, hara, zekor hau atera da!

25. Ohartu zen Moises Aaronen zabarkeriagatik herria bere onetik aterata zebilela, etsaien barregarri,

26. eta, kanpalekuan zutik, oihu egin zuen: «Betoz niregana Jaunaren aldekoak!»Lebitar guztiak bildu zitzaizkion.

27. Moisesek esan zien: «Honela dio Israelgo Jainko Jaunak: Har beza nork bere ezpata eta zeharkatu kanpalekua, aterik ate jendea hilez, nahiz eta anaia, laguna edo auzokoa izan».