Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Irteera 28:23-42 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

23. Egin urrezko bi eraztun ere eta erantsi bularrekoaren bi ertzei.

24. Katigatu ondoren urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan,

25. eta itsatsi katetxoen muturrak bi urre-harizko apaingarriei, eta lotu efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik.

26. Egin urrezko beste bi eraztun eta erantsi bularrekoaren beste bi muturrei, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik.

27. Egin urrezko bi eraztun gehiago eta ipini efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, efodaren xingola baino goraxeago.

28. Honela, bularrekoaren eraztunak efodarenei lotuko zaizkie purpura morezko lokarriz, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia.

29. Aaronek, epaiketarako bularrekoan idatziriko israeldarren izenak, bular gainean eramango ditu santutegian sartzean, eta Jaunak beti gogoan izango dituela adieraziko du horrek.

30. Ipini epaiketarako bularrekoaren barruan “Urim” eta “Tumim” epaigailuak; Aaronek bular gainean eramango ditu, Jaunaren aurrera aurkeztean. Honela, Aaronek beti eramango ditu bular gainean, Jaunaren aurrean, Israelgo semeek Jaunaren nahia ezagutzeko dituzten tresna horiek.

31. «Efodaren azpiko mantua purpura morez egingo duzu;

32. erdian zuloa izango du buruarentzat, eta zuloaren inguru-ertza ehun gogorrezkoa egingo diozu, bular-oskola bezain urraezina.

33. Apaindu mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadez, ertzaren inguru guztian urrezko txilinak tartekatuz:

34. txilinak eta granadak txandaka.

35. Aaronek soinean eramango du mantu hori apaiz-zerbitzua betetzean; santutegian Jaunaren aurrera sartzean eta handik ateratzean, txilin-hotsa adituko da; horrela, ez da hilko.

36. «Urre garbizko xafla egingo duzu eta, zigilu batean bezala, hitz hauek zizelkatuko bertan: “Jaunari sagaratua”;

37. ezarri xafla buruzapiaren gainean, aurrealdetik, purpura morezko lokarriz loturik.

38. Honela, Aaronek bekokian izango du beti, eta bere gain hartuko ditu israeldarrek Jainkoaren zerbitzuan, eskaintza sakratuak egitean, egin ditzaketen hutsak; xafla beti bekokian izango duenez, onartu egingo ditu Jaunak israeldarren eskaintzak.

39. «Apaiz-tunika liho finez bordatua egingo duzu, eta buruzapia ere liho finezkoa izango da; gerrikoa apain bordatua egingo duzu.

40. «Aaronen semeentzat ere apaiz-jantziak, gerrikoak eta kapelak egingo dituzu, apaizgoaren duintasuna adierazteko.

41. «Jantzi hauek ipiniko dizkiezu zeure anaia Aaroni eta beronen semeei eta, olioz gantzutuz, apaizgoa emango diezu; horrela, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko dituzu.

42. Egizkiezu lihozko galtzak ere, gerritik izterrerainokoak, biluztasuna estaltzeko.