Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Irteera 28:16-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Bitan tolestatua izango da eta karratua, hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal.

17. Harribitxiz estaliko duzu, harribitxiok lau errenkadatan lerroturik: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda;

18. bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa;

19. hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista,

20. eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartuko dituzu.

21. Hamabi izan behar dute, hamabi baitira Israelgo leinuak; harri bakoitzean izen bat zizelkatuko duzu, zigiluen erara.

22. Bularrekoari urre garbizko katetxoak soka bihurrituen antzera egingo dizkiozu.

23. Egin urrezko bi eraztun ere eta erantsi bularrekoaren bi ertzei.

24. Katigatu ondoren urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan,

25. eta itsatsi katetxoen muturrak bi urre-harizko apaingarriei, eta lotu efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik.

26. Egin urrezko beste bi eraztun eta erantsi bularrekoaren beste bi muturrei, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik.

27. Egin urrezko bi eraztun gehiago eta ipini efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, efodaren xingola baino goraxeago.