Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Irteera 26:1-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Egin egoitza liho-hari bihurrituz eta purpura more, gorri eta gorriminez eginiko hamar zapiz, eta bordatu horietan apain izaki hegaldunak.

2. Zapi guztiak neurri berekoak izango dira: hamalau metro luze eta bi metro zabal.

3. Josi zapiak elkarri bosnako bi sailetan,

4. eta ipini purpura morezko lokarriak bi zapi-sailen ertzetan:

5. berrogeita hamar lokarri ertz bakoitzean, alde batekoak bestekoei egokituz.

6. Egin urrezko berrogeita hamar katigailu ere, zapi-sail bat besteari lotzeko, egoitza osoak bata egin dezan.

7. «Egin ahuntz-ilezko beste hamaika zapi, egoitza estaliko duen oihal-etxola eratzeko.

8. Zapi guztiok neurri berekoak izango dira: hamabost metro luze eta bi metro zabal.

9. Josi zapiak elkarri, bost alde batetik eta sei bestetik; seigarren zapia tolestaturik jarriko duzu oihal-etxolaren aurrealdean.

10. Ipini gero berrogeita hamar lokarri elkarri jositako sail bakoitzaren ertzean.

11. Egin brontzezko berrogeita hamar katigailu ere, eta erantsi lokarriei, oihal-etxola osoak bat egin dezan.

12. Oihal-etxolako zapiak handiagoak direnez, gehiegizkoa duten erdia egoitzaren atzetik zintzilik geldituko da.

13. Zabalean sobera dutena bi alboetatik zintzilik geldituko da —metro erdia alde bakoitzetik—, egoitza estaltzeko.

14. Egin bi estaldura oihal-etxolarako: bata gorriz tindaturiko ahari-larruzkoa, eta honen gainetik bestea, larru finezkoa.

15. «Egin akazia-zurezko oholak egoitzarako eta jarri tente:

16. ohol bakoitza bost metro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal izango da;

17. bi mingain izango ditu bakoitzak, ondokoarekin elkartzeko. Horrelakoak egingo dituzu egoitzarako ohol guztiak.

18. Hauetatik hogei hegoaldera jarriko dituzu,

19. azpian zilarrezko berrogei oin dituztela: ohol bakoitzak bi oin beste horrenbeste mingainentzat.