Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 9:8-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Jainkoak Noeri eta beronen semeei esan zien, gainera:

9. «Ituna egiten dut zuekin eta zuen ondorengoekin,

10. baita zuekin dituzuen bizidun guztiekin ere: hegazti, abere eta piztiekin, ontzitik atera diren guztiekin.

11. Hona ematen dizuedan itun-hitza: ez duela uholdeak berriro bizidunik hondatuko, ez dela aurrerantzean mundua suntsituko duen uholderik izango».

12. Hau ere esan zien Jainkoak: «Hau da zuei eta zuen artean bizi diren bizidun guztiei belaunez belaun eta betiko ematen dizuedan itun-hitzaren ezaugarria:

13. neure ostadarra ezartzen dut hodeien artean, eta nire eta munduaren arteko itunaren seinale izango da.

14. «Nik zerua lainotzean, ostadarra azalduko da hodeietan;

15. orduan, zuei eta bizidun guztiei emandako itun-hitz honetaz oroituko naiz: ez direla aurrerantzean urak uholde bihurtuko, bizidun oro suntsitzeko.

16. Ostadarra hodeietan ikustean, bizidun guztiei betiko ematen diedan itun-hitz honetaz oroituko naiz».

17. Jainkoak esan zion Noeri: «Hau da, bada, lurreko bizidun guztiekin egiten dudan itunaren ezaugarria».

18. Noerekin beronen semeok atera ziren ontzitik: Sem, Kam, Kanaanen aita, eta Jafet.

19. Noeren hiru seme hauetatik sorturiko ondorengoak munduan barrena hedatu ziren.