Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 48:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Handik aldi batera, esan zioten Joseri aita gaixo zuela. Jose bere bi semeekin, Manases eta Efraimekin, joan zitzaion.

2. Jakob, Jose zetorkiola esan ziotenean, ahalegin handiz ohe gainean eseri zen.

3. Jakobek esan zion Joseri: «Luz-en, Kanaan lurraldean, agertu zitzaidan Jainko ahaltsua eta bedeinkatu egin ninduen,

4. esanez: “Ondorengo ugari emango dizut eta herri askoren sortzaile bihurtuko zaitut. Zure ondorengoei lurralde honen jabetza emango diet betiko”.

5. Orain semetzat hartzen ditut, ni Egiptora etorri aurretik, hemen sortu zaizkizun Manases eta Efraim bi semeak, Ruben eta Simeon nire seme diren bezala.

6. Hauen ondoren izango dituzunak, berriz, zureak izango dira, eta Efraimi eta Manasesi utziko diedan ondarean izango dute parte.

7. Mesopotamiatik nentorrela hil zitzaidan Rakel, zure ama, Kanaan lurraldean, Efratara iritsi aurretik, eta han, Efratara, hots, Belenera, bidean ehortzi nuen».

8. Joseren semeak ikustean, Jakobek galdetu zuen:—Zein dira hauek?

9. Josek erantzun:—Jainkoak Egipton eman dizkidan semeak dituzu.Jakobek esan zuen:—Ekarzkidazu, arren, bedeinkatzeko.

10. Jakobek, zahardadez begiak lausoturik, ezin zuen ikusi. Josek bere semeak aurrera eraman zizkionean, laztandu eta besarkatu egin zituen.

11. Gero, Joseri esan zion:—Ez nuen espero zure aurpegia berriro ikustea, eta hara, zu ez ezik, zure ondorengoak ere ikusarazi dizkit Jainkoak.

12. Orduan, Jose, bere semeak aitaren belaun artetik atera eta lurreraino makurtu zitzaion.