Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 31:12-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Hark esan zidan: «Begira, ardiak ernaltzen dituzten ahari guztiak marradun, pinto eta nabarrak dira; izan ere, ikusi dut Labanek egin dizun guztia.

13. Betelgo Jainkoa naiz ni. Han, olioa isuriz, oroitarria sagaratu zenidan eta promes egin. Orain jaiki, irten lurralde honetatik eta zoaz zeure ahaideen herrialdera».

14. Rakelek eta Leak erantzun zioten:—Ez dugu jadanik hartzekorik ezer geure aitarenean. Izan ere, arrotz gisa hartzen gaitu.

15. Ez al gaitu, bada, saldu eta zuk guregatik eman zenuen diru guztia jan?

16. Horregatik, Jainkoak gure aitari kendu dizkion aberastasunak gureak eta gure seme-alabenak dira. Egizu, beraz, oraintxe bertan, Jainkoak esan dizun guztia.

17. Jaiki zen, bada, Jakob eta bere seme-alabak eta emazteak gamelu gainera igoarazi zituen.

18. Eta Mesopotamian eskuratutako abere-talde eta ondasun guztiak hartu zituen, Isaak bere aitarengana, Kanaan lurraldera, itzultzeko.

19. Bien bitartean, Laban artaldeari ilea moztera joana zelarik, Rakelek bere aitaren etxe-jainkoen irudiak ostu zituen.

20. Honela engainatu zuen Jakobek Laban aramearra, ez baitzion adierazi alde egiteko asmorik.

21. Bere gauza guztiekin alde egin zuen. Jaiki, Eufrates ibaia igaro eta Galaadeko mendirantz jo zuen.

22. Hirugarren egunean eman zioten Labani Jakoben ihesaren berri.

23. Hartu zituen Labanek berekin bere ahaideak eta, zazpi egunez Jakoben atzetik ibili ondoren, Galaadeko mendian harrapatu zuen.

24. Jainkoa ametsetan azaldu zitzaion Laban aramearrari, esanez: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

25. Labanek atzeman zuenean, Jakob mendian zegoen kanpaturik. Laban ere bere ahaideekin Galaadeko mendi berean kanpatu zen.

26. Labanek esan zion Jakobi:—Zer egin duzu? Engainatu egin nauzu eta nire alabak guda-gatibu bailiran ekarri.

27. Zergatik alde egin duzu isilka eta engainuz, niri ohartarazi beharrean? Pozez eta kantuz agurtuko zintudan danbolina eta zitara joz!

28. Ez didazu neure alaba-bilobak besarkatzen utzi; oso ergel jokatu duzu.