Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 27:22-38 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Hurbildu zitzaion Jakob bere aita Isaaki, eta honek ukitu eta esan zuen:—Jakobena da mintzoa; eskuak, ordea, Esaurenak.

23. Ez zuen ezagutu, eskuak anaia Esaurenak bezain iletsuak baitziren, eta bedeinkazioa eman zion.

24. Isaakek galdegin zion:—Egiaz nire seme Esau al zara?—Bai, Esau naiz —erantzun zion Jakobek.

25. Gero, Isaakek:—Emadazu jaten ehizakia, seme, eta bedeinkatu egingo zaitut.Jakobek eman eta hark jan egin zuen. Ekarri zion ardoa eta hark edan.

26. Orduan, esan zion aitak:—Zatoz hurbilago eta besarka nazazu, seme.

27. Hurbildu eta besarkatu egin zuen. Isaakek, haren arropak usaindu zituenean, bedeinkatu egin zuen, esanez:«Nire semearen usaina,Jaunak bedeinkaturikozelaiaren usaina.

28. Jainkoak eman diezazkizulazeruko ihintzaeta lurreko guritasuna,ogi-ardotan oparotasuna.

29. Izan ditzazula herriak zerbitzari,makur daitezela nazioakzure aitzinean.Izan zaitez zeure senideen nagusi,makur daitezela zure aitzineanzure amaren semeak!Madarikatua,zu madarikatzen zaituena!Bedeinkatua,zu bedeinkatzen zaituena!»

30. Isaakek bedeinkatu eta Jakobek bere aita utzi bezain laster, Esau iritsi zen ehizatik.

31. Honek ere aitak atsegin zuen jaki goxoa prestatu, aitari eraman eta esan zion:—Jaiki zaitez, aita, eta jan zeure seme honen ehizakitik, bedeinka nazazun.

32. Aita Isaakek galdegin zion:—Nor zara zu?—Esau nauzu —erantzun zion hark—, zure seme zaharrena.

33. Zirrara ikaragarriak hartu zuen Isaak, eta esan zuen:—Nor zen, bada, ehizatik etorri eta jatekoa ekarri didana? Harenetik jan dut zu sartu baino lehen. Bedeinkatu egin dut eta betiko dago bedeinkatua.

34. Aitaren hitzak entzutean, Esauk garrasi handi mingotsa egin eta esan zion:—Bedeinka nazazu neu ere, aita.

35. Isaakek erantzun:—Azpikeriaz etorri da zure anaia eta berak hartu du zure bedeinkazioa.

36. Esauk ihardetsi zion:—Ongi jarria du, bai, Jakob izena, oraingoarekin bi bider kendu baitit txanda. Lehen-semetzaren eskubidea kendu zidan lehenengo eta, orain, bedeinkazioa.Esan zion, gainera:—Ez al duzu niretzat beste bedeinkaziorik?

37. Isaakek erantzun:—Hara, zure nagusi egin dut eta senide guztiak haren zerbitzari bihurtu. Ogiz eta ardoz hornitu dut. Zer egin dezaket zure alde, seme?

38. Esauk esan zion:—Ez al duzu bedeinkazio bakar bat besterik, aita? Bedeinka nazazu neu ere!Esau negarrez hasi zen ozenki.