Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 24:13-29-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Ni ur-putzu honen ondoan geldituko naiz. Hiriko neskatxak ura ateratzera datozenean,

14. esango diot haietariko bati: “Eraitsi zeure pegarra edan dezadan”. Berak erantzungo balu: “Edazu, eta zure gameluei ere emango diet edaten”, izan bedi huraxe zeure zerbitzari Isaakentzat hautatu duzuna. Honela jakingo dut zeure onginahia agertu diozula nire nagusiari».

15. Bere arteko otoitza amaitu baino lehen, horra non hurbiltzen den Rebeka, pegarra sorbaldan. Betuelen alaba zen; Betuel, berriz, Abrahamen anaia Nahorren eta Milkaren semea.

16. Neskatxa oso ederra zen, birjina eta ezkongabea. Ur-putzura jaitsi, pegarra bete eta igo egin zen.

17. Abrahamen morroia lasterka bidera atera zitzaion eta honela mintzatu:—Emadazu, arren, ur pixka bat zeure pegarretik.

18. Hark erantzun:—Edazu, jauna.Eta, berehala pegarra besoetara eraitsirik, edaten eman zion.

19. Edan zuenean, esan zion neskatxak:—Zure gameluentzat ere ura ateratzera noa, ase arte edan dezaten.

20. Hustu zuen pegarra askan, eta lasterka joan zen putzura ur gehiago hartzera, gamelu guztiei eman zien arte.

21. Bien bitartean, morroia hari begira zegoen, isilean bere buruari galdezka bere bidaiaren helburua lorrarazi ote zion Jaunak.

22. Gamelu guztiak ase zirenean, hartu zituen morroiak sei gramoko urrezko eraztuna eta ehun gramo baino gehiago zuten urrezko bi eskumuturreko,

23. eta galdegin zion:— Adizu! Noren alaba zara? Ba ote da zure aitaren etxean tokirik guretzat, gaua igarotzeko?

24. Rebekak erantzun zion:— Betuelen alaba naiz, Milkak Nahorri eman zion semearena.

25. Gainera, esan zion:—Bada gure etxean lasto eta belar ugari, eta baita gaua igarotzeko tokia ere.

26. Orduan, morroiak, ahuspezturik, Jauna gurtu zuen,

27. esanez: «Bedeinkatua Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, onbera eta leiala izan baita ene nagusiarekin. Jaunak neure nagusiaren ahaideen etxerako bidean jarri nau».

28. Neskatxa lasterka joan zen etxera gertatu zitzaionaren berri amari ematera.

29-30. Rebekak neba bat zuen, Laban izenekoa. Bere arrebak zeramatzan eraztuna eta eskumuturrekoak ikusi eta gizon bat mintzatu zitzaiola entzunik, Laban etxetik atera eta ur-putzu aldera joan zen korrika morroiarengana. Hau oraindik ur-putzutik hurbil zegoen, gameluen ondoan.