Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 2:7-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Orduan, Jainko Jaunak lur-hautsez gizona moldatu zuen; sudur-zuloetan bizi-arnasa putz egin zion, eta gizona bizidun bilakatu zen.

8. Ondoren, Jainko Jaunak baratzea landatu zuen Edenen, ekialdean, eta hantxe ezarri moldaturiko gizona.

9. Orotariko zuhaitzak sorrarazi zituen lurretik, ikusgarriak eta fruitu gozodunak. Baratze erdian bi zuhaitz ernearazi zituen: batak bizia ematen zuen eta besteak dena ezagutzeko ahalmena.

10. Edendik ibai bat sortzen zen; baratzea ureztatu eta gero, lau adarretan banatzen zen.

11. Lehenari Pixon zeritzan; urrea aurkitzen den Habilako lurraldea inguratzen du.

12. Urre ona hangoa; badira han erretxina eta harribitxiak ere.

13. Bigarrenari Gihon zeritzan; honek Etiopiako lurralde guztia inguratzen du.

14. Hirugarrenari Tigris, Axurko ekialdetik doana. Laugarrenari Eufrates.

15. Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zain zezan.

16. Eta agindu zion: «Baratzeko zuhaitz guztietatik jan dezakezu;

17. baina ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara».

18. Gero, esan zuen Jainko Jaunak: «Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna».