Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Hasiera 18:13-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Orduan, Jaunak esan zion Abrahami:—Zergatik ari da irribarrez Sara, zaharra izanik, semerik ezin duela izan pentsatuz?

14. Ba ote da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Urtebete barru itzuliko natzaizunean, Sarak semea izango du!

15. Sarak, beldurturik, ukatu egin zuen, esanez:—Ez dut irribarrerik egin.—Nola ezetz! Irri egin duzu —erantzun zion hark.

16. Ondoren, gizon haiek Sodomarantz abiatu ziren. Abrahamek lagundu egin zien apur batez, agurtu aurretik.

17. Honela ziharduen Jaunak berekiko: «Egingo dudanaren berri eman gabe utzi behar ote dut Abraham?

18. Izan ere, berau izango da herri handi eta ahaltsu baten buru eta herri guztientzat bedeinkazio-iturri.

19. Berau hautatu dut bere seme-alaba eta etxekoei Jaunaren arabera bizitzen irakasteko, on eta zuzen dena eginez. Eta nik, Jaunak, bete egingo dut Abrahami aginduriko guztia».

20. Esan zion, beraz, Jaunak Abrahami: «Izugarria da Sodoma eta Gomorraren aurkako salakuntza. Larriegia da hiri horien bekatua.

21. Salakuntza hori egiaztatzera joan behar dut, eta egiazkoa den ala ez ikusi».

22. Gizasemeek Sodomarantz jo zuten.Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen.

23. Hurbildurik, esan zion:—Egiaz, errugabea galdu behar ote duzu errudunarekin batera?

24. Beharbada, berrogeita hamar errugabe izango dira herri horretan. Horiek ere hilarazi behar ote dituzu? Ez ote zenioke barkatuko hiri osoari berrogeita hamar errugabeongatik?

25. Utikan zuregandik errugabea errudunarekin batera hilaraztea! Nola jokatuko duzu, bada, berdin batarekin zein bestearekin? Munduaren epaileak ez ote du zuzenbiderik egingo?

26. Jaunak erantzun:—Baldin berrogeita hamar errugabe aurkitzen baditut, haiengatik hiri osoari barkatuko diot.

27. Abrahamek esan zion:—Hara, hauts eta errauts besterik ez naizen arren, ene jaun horri mintzatzera ausartzen naiz.

28. Gerta daiteke berrogeita hamarrera iristeko bost falta izatea. Hiri osoa suntsituko ote duzu bost horiengatik?—Ez —erantzun zion Jaunak—, ez dut suntsituko, berrogeita bost errugabe aurkitzen baditut.

29. Eta Abrahamek, berriro:—Gerta daiteke berrogei besterik ez izatea.—Ba —ihardetsi zion Jaunak—, ez dut suntsituko berrogei horiengatik.

30. Abrahamek esan zion:—Ez zaitez haserre, ene Jauna, oraindik ere mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hogeita hamar besterik ez izatea.—Ez dut suntsituko hogeita hamar aurkitzen baditut —erantzun zion Jaunak.

31. Abrahamek, berriro ere:—Badakit ausartegia naizela, baina badaiteke hogei besterik ez izatea.—Ez dut suntsituko hogei horiengatik —erantzun zion Jaunak.

32. Eta Abrahamek, oraindik:—Ez haserre, Jauna, beste behin mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hamar besterik ez izatea.Jaunak erantzun zion:—Ez dut suntsituko hamar horiengatik.