Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Apokalipsia 2:3-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Baduzu eroapenik eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe.

4. Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna.

5. Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez eta itzuli lehengo jokabidera. Bestela, zuregana joan eta bere lekutik kendu egingo dut zure argimutila.

6. Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten egintzak gorroto dituzula.

7. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari Jainkoaren paradisuan dagoen bizi-arbolako fruituetatik emango diot jaten.

8. Idatz iezaiozu Esmirnako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak:

9. Ezagun-ezagunak ditut zure atsekabea eta pobretasuna; halere, aberats zara. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan arren Satanasen elkarte besterik ez diren horiek.

10. Ez izan beldur jasan beharko duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur batez atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen-koroa, betiko bizia, emango dizuet.

11. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileak ez du bigarren heriotzaren zigorrik jasango.

12. Idatz iezaiozu Pergamoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen aho biko ezpata zorrotza duenak: