Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

2 Korintoarrei 8:12-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Izan ere, borondatea duenari, eman dezakeena onartzen zaio, ez zaio besterik eskatzen.

13. Arazoa ez da besteak lasai egoteko zuek larri gertatzea, guztien berdintasuna bilatzea baizik.

14. Une honetan, zuek sobera duzuenak haien eskasia konponduko du, eta egunen batean haien ugaritasunak zuen eskasia. Honela, berdintasuna izango da nagusi,

15. Liburu Santuak dioen bezala: Asko bildu zuenak ez zuen sobera, ezta gutxi bildu zuenak ere eskas.

16. Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari Titoren bihotzean zuenganako nire ardura bera sortu duelako.

17. Nire erregua onartuz ez ezik, bere gogoz ere abiatu da zuengana, inoiz baino arretatsuago.

18. Beste anaia bat ere bidaltzen dizuet berarekin, berri onaren zerbitzuan egin duen lanarengatik eliz elkarte guztiek goraipatzen dutena.

19. Gainera, bera aukeratu dute eliz elkarteek, eskuzabaltasunezko egintza hau burutzeko egiten ari naizen ibilaldian lagun izan dezadan, zerbitzu hau Jaunaren aintzarako eta neure borondate onaren agiritzat hartu baitut neure gain.

20. Horrela, inori ez diot hizpiderik emango horrenbesteko dirutza neure esku daukadalarik.

21. Ongi jokatzen ahalegintzen naiz, Jainkoaren aurrean ez ezik, baita gizakien aurrean ere.

22. Beste anaia bat ere bidaltzen dizuet horiekin. Maiz eta era askotan egiaztatu ahal izan dut zein arduratsu den, eta orain askoz arretatsuago ageri da zuengan duen konfiantza handiarengatik.