Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

1 Korintoarrei 14:6-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Begira, senideok: hizketa arrotzez hitz eginez aurkeztuko banintzaizue, zer on ekarriko lizueke horrek, nire hitzak ez balizue emango agerpenik, ez ezaguerarik, ez Jainkoarengandiko mezurik, ezta irakaspenik ere?

7. Gauza bera gertatzen da musika-tresnekin ere, txirula edota zitararekin, adibidez: notak argi eta garbi ematen ez badituzte, nola jakin zer jotzen duten?

8. Edota turutak soinu nahasia jotzen badu, nor prestatuko da gudurako?

9. Berdin zuek ere: hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? Paretari hitz egiten ariko zinatekete.

10. Hainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzua.

11. Baina nik ez dakidan hizkuntzan mintzatzen bazait norbait, ni arrotz izango natzaio hari eta hura niri.

12. Horrela bada, Espirituaren dohainak irrikatzen dituzuenez gero, saia zaitezte dohainok ugari izaten, baina eliz elkarteari hazten laguntzeko.

13. Hizketa arrotzez mintzo denak, beraz, eska biezaio Jainkoari esaten duena argitzeko dohaina ere.

14. Hizketa arrotzez otoitz egiten badut, nire espiritua otoitzean ari da, bai, baina adimena fruiturik gabe gelditzen da.

15. Zer egin, bada? Espirituaren eraginez otoitz egin bai, baina adimenaz ere bai; Espirituaren eraginez Jaunari abestu bai, baina adimenaz ere bai.

16. Esker oneko otoitza Espirituaren eraginez bakarrik egiten baduzu, dohain hori ez duen entzule hutsak nola erantzungo dio «Amen» zure esker oneko otoitzari, zer diozun ulertzen ez badu?

17. Ederra izango da, bai, zure esker oneko otoitza, baina besteari ez zaio lagungarri gertatuko.

18. Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, hizketa arrotzez zuek baino gehiago mintza naitekeelako.

19. Hala ere, elkartea bildurik dagoenean, nahiago dut besteentzat irakasgarri izango diren bost hitz ulergarri esan, hizkera ulertezinean hamar mila baino.

20. Senideok, ez izan haurren antzeko zeuen irizpideetan; gaitzerako bai, izan zaitezte haur; baina irizpideetan izan zaitezte pertsona helduak.