Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

1 Korintoarrei 10:11-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Haiei gertaturiko gauza horiek ikasbide dira guretzat, eta gure eskarmenturako idatzi zituzten, azkenak diren garai hauetan bizi garenok zentzarazteko.

12. Beraz, zutik dagoela uste duenak egin beza kontu eror ez dadin.

13. Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik; leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko.

14. Ene maiteok, ihes egiozue, beraz, idolatriari.

15. Pertsona zentzudunei bezala mintzo natzaizue; juzgatu zeuek diodana.

16. Jainkoa bedeinkatuz hartzen dugun esker oneko kopak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen odolean? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen gorputzean?

17. Ogia bat denez, denok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen baitugu denok.

18. Begira Israel herrian gertatzen denari: opariak jaten dituztenek ez al dute bat egiten aldarearekin?

19. Honekin ez dizuet esan nahi sasijainkoei egindako opariek baliorik dutenik, edo sasijainkoa zerbait denik.

20. Ez, noski! Deabruei eskaintzen zaizkie opari horiek, ez Jainkoari. Eta nik ez dut nahi zuek deabruarekin bat egiterik.

21. Ezin duzue edan Jaunaren kopatik eta deabruenetik. Ezin duzue parte izan Jaunaren mahaian eta deabruenean.

22. Edo sutu egin nahi ote dugu Jainkoaren haserrea? Bera baino indartsuago ote gara?

23. «Dena zilegi da»; bai, baina ez da dena komenigarri. «Dena zilegi da»; bai, baina ez da dena elkartea eraikitzeko lagungarri.