Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

1 Korintoarrei 1:9-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Leiala da Jainkoa, eta berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin elkarturik bizitzera.

10. Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean, arren eskatzen dizuet: bat etor zaitezte guztiok eta ez bedi izan zatiketarik zuen artean. Bizi elkar ongi harturik, ikuspegi eta iritzi bat bera duzuela.

11. Kloeren jendearengandik jakin dut, senideok, eztabaidak dituzuela zeuen artean.

12. Alegia, nork bere aldetik honela omen dio: «Ni Paulorena naiz», «Ni Apolorena», «Ni Pedrorena», «Ni Kristorena».

13. Zatitua ote dago, bada, Kristo? Paulo gurutziltzatu ote zuten zuengatik? Edo Pauloren izenean bataiatu ote zintuzteten?

14. Jainkoari eskerrak, ez dut nik zuetako inor bataiatu, Krispo eta Gaio izan ezik.

15. Horrela, inork ez dezake esan nire izenean bataiatua izan denik.

16. A bai, Estebanen etxekoak ere nik bataiatu nituen, baina ez dut uste beste inor bataiatu dudanik.

17. Izan ere, Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona hots egitera baizik, eta hau ez giza jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak bere indarra gal ez dezan.

18. Kristoren gurutzeko heriotzaren mezua zorakeria da galtzen direnentzat; guretzat, ordea, salbamen-bidean garenontzat, Jainkoaren indarra da.

19. Liburu Santuak dio, izan ere: Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena .

20. Zertan dira jakintsuak, ikasiak , mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria?

21. Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk hots egiten dugun zorakeriaren bitartez salbatu nahi izan ditu fededunak.

22. Juduak mirarizko seinale eske dabiltza, eta jentilak jakinduria bila;

23. guk, berriz, Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat onartezina eta jentilentzat zentzurik gabea dena;

24. baina Jainkoak deitu dituenentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakinduria da.

25. Zeren Jainkoarengan zorakeria dirudiena gizakiak baino jakintsuago baita, eta Jainkoarengan ahulezia dirudiena gizakiak baino indartsuago.