Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

1 Korintoarrei 1:16-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. A bai, Estebanen etxekoak ere nik bataiatu nituen, baina ez dut uste beste inor bataiatu dudanik.

17. Izan ere, Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona hots egitera baizik, eta hau ez giza jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak bere indarra gal ez dezan.

18. Kristoren gurutzeko heriotzaren mezua zorakeria da galtzen direnentzat; guretzat, ordea, salbamen-bidean garenontzat, Jainkoaren indarra da.

19. Liburu Santuak dio, izan ere: Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena .

20. Zertan dira jakintsuak, ikasiak , mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria?

21. Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk hots egiten dugun zorakeriaren bitartez salbatu nahi izan ditu fededunak.

22. Juduak mirarizko seinale eske dabiltza, eta jentilak jakinduria bila;

23. guk, berriz, Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat onartezina eta jentilentzat zentzurik gabea dena;

24. baina Jainkoak deitu dituenentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakinduria da.

25. Zeren Jainkoarengan zorakeria dirudiena gizakiak baino jakintsuago baita, eta Jainkoarengan ahulezia dirudiena gizakiak baino indartsuago.

26. Begira bestela, senideok, zeintzuk zareten Jainkoak deitu zaituztenok: ez dira zuen artean munduak jakintsutzat hartzen dituenetatik asko, ezta ahaltsu nahiz aitoren semeetatik ere.